Bikote bakoitzak beste enpresako lau bikoteen aurka jokatu beharko du binakako txapelketako lehen fasean; EPELek txapelketa orekatua nahi zuen arren, Olaizola II.a eta Zearra dira faborito
IMANOL MAGRO / Berria
Luzea, luzea izan zen pilotariek atzoko binakako txapelketaren aurkezpenean gehien errepikatu zuten hitza. EPELeko buruek hiru hilabete luzeko txapelketa antolatu dute, inor kanporatzen ez duen ligaxka fase batekin hasiko dena. Bikoteen eraketan, berriz, oreka bila ibili dira bi enpresak. Faborito bakarrak ihes egin die, baina, Olaizola II.ak eta Zearrak batera jokatuko baitute.
Heldu den urteko txapelketarako EPELek aurtengo huts bera egin du: bikoterik kanporatzen ez duen ligaxka hasteko. Iaz pilotariek hiru partidako lehen fase zozoa jokatu behar izan zuten. Ligaxkak pilotariak akitu zituen, eta gogor kritikatu zuten sistema hura. Enpresen ligak, baina, entzungor egin die pilotarien kexuei, eta urtarrilean hasiko den txapelketan ligaxkari eutsi dio. Eutsi eta luzatu gainera, ligaxkan lau partida jokatuko baituzte, beste enpresako lau bikoteen aurka.
Iñigo Salbideak, Asegarceko buruak, ligaxkaren arrazoia azaldu zuen aurkezpenean. «Ikusleek enpresen arteko partidak nahi dituzte, eta sistema honekin ligaxkako partida guztiak enpresen artekoak izango dira». Lehiaren gatza faltako dute, baina, enpresa desberdinetako bikoteen arteko partida horiek. Ikusleek enpresen arteko partidak maite dituzte, egia da, urriak eta estuak direlako, eta ligaxkak ez du hori ziurtatzen.
Txapelketako lehen lau partiden egunak eta jokalekuak atzo eman zituzten. Ligaxkako lehen partida urtarrilaren 5ean jokatuko da, Tolosako Beotibarren. Olaizola I.ak eta Otxandorenak, Xala eta Goñi III.aren aurka jokatuko dute. Lehen jardunaldiko beste hiru partidak Bergaran, 6an eta 8an, eta Logroñon, 7an, jokatuko dira. Ligaxkaren bukaeran, irabazitako partida kopuruaren arabera, multzo bana osatuko dute enpresa bakoitzeko bikoteekin. Final-laurdenetan multzo bakoitzeko buruek beste enpresako multzoko azken sailkatuaren aurka jokatuko dute. Bigarren eta hirugarren sailkatuak ere gurutzatuko dituzte. Final-laurdenetan eta finalerdietan, bikoteek bi partida irabazi beharko dituzte aurrera egiteko. Finala, berriz, partida bakarrera izango da, martxoaren bukaera aldera. Lehen bi kanporaketen artean ez da atsedenik egongo. Finala non jokatuko den zehazteke dago oraindik. Enpresen ligako buruek atzo azaldu zutenez, oraindik ez dira ados jarri Donostiako Udalarekin.
Olaizola-Zearra faborito, Eulate eta Koka berritasunak
Bikoteen eraketan EPELek oreka lortu nahi izan du. Horretarako, zazpi bikote berri osatu dituzte. Koka eta Beloki dira, 2003ko txapeldunak, aurreko txapelketaren batean batera aritu diren bakarrak. Oreka bila ibiliagatik ere, pilotariek lotsagabe onartu zuten faborito garbia zegoela: Aimar Olaizola eta Oier Zearra. Udan bikote sendoena izan ziren, eta biak sasoiko daude. Goizuetarrak lau t'erdikoa irabazi berri du, eta galdakoztarrak buru-belarri prestatu du binakakoa.
Berritasunak Koka eta Martinez Eulate izango dira. Biek binakakoa aurrenekoz jokatuko dute hasieratik. Altzako aurrelariak Berasaluze ordezkatu zuen 2003. urtean. Ordukoan, Belokirekin bikote eginez, binakako txapela irabazi zuen. 2004an, Asegarcek ez zuen Koka binakakoan sartu. Bi urte geroago Altzakoak bere saria jasoko du. Martinez Eulate binakakoan aurrenekoz ariko den beste pilotaria da. Abel Barriolak min hartu zuenetik gauza jakina zen berak jokatuko zuela. Lizarrakoak Martinez Irujo izango du alboan. Iberokoa txikitako laguna du, eta primeran ezagutzen dute elkar. Argitzeke zegoen beste zalantza bakarra Iñaki Otxandorenaren parte-hartzea zen. Mugairikoa kailuko arazoekin ibili da, eta denbora asko egin du geldirik. Azken egunetan Kepa Peñagarikanok bere lekua beteko zuen zurrumurrua zabaldu zen. Azkenean Mugairikoaren eskuak hobera egin du, eta Asier Olaizolarekin batera ariko da. Otxandorenak biziki eskertuko du hasierako ligaxka ustela.
Erreakzioak
MARTINEZ IRUJO (Txapelduna)
«Olaizola eta Zearra dira faboritoak, inolako zalantzarik gabe diot»
«Ligaxka luzeegia da, erabat hautsi nahi gaituztela dirudi. Hiru hilabete finalera iristeko, gehiegizkoa da. Olaizola eta Zearra dira faboritoak, inolako zalantzarik gabe diot. Txapelketa orekatua bilatu nahi izan dute, eta bikote batek ihes egin die. Nire helburua ondo aritzea da, eta ahalik eta urrunen iristea. Finalerdietara iristearekin pozik nengoke».
FERNANDO GOÑI (Txapelduna)
«Bikote indartsu asko dauden arren, Olaizola eta Zearra dira faboritoak»
«Txapelketa orekatua da, bikote indartsu askorekin. Halere, besteen gainetik bikote nabarmentzen dela uste dut, Olaizola II.a eta Zearrak bikote handia osatzen dute eta haiek dira faborito. Hasierako ligaxka oso luzea da, erritmo egokia hartzeko aproposa. Azken bi urteetan finalera iritsi izan naiz, aurten, baina, oso zaila izango da hirugarrenez finala jokatzea».
AIMAR OLAIZOLA (Asegarce)
«Ez dago faborito garbirik; bikote indartsu askok hartuko dute parte»
«Bikote indartsu asko daude, niretzat ez dago faborito garbirik. Aurten inoiz baino partida gehiago jokatu beharko ditugun arren, ez da hainbesterako astean behin jokatzea. Askok diote hasierako ligaxkak ez duela garrantzia handirik, ni, aldiz, ez naiz iritzi berekoa, multzoko buru sailkatuz gero beste enpresako azken sailkatuaren aurka jokatzeko parada duzulako».
OIER ZEARRA (Asegarce)
«Ligaxka luzearekin gauzak lasai hartu behar izaten dira»
«Ligaxka hain luzearekin gauzak beste modu batera planteatu behar dira. Ligaxkako partidak garrantzitsuak dira, txapelketa partida guztiak bezala, baina gauzak lasaitasunez hartu behar dira, garrantzitsuena final-laurdenetan hasten dela jakinda. Aimar beti da faborito, eta ni berarekin nagoenez hala ikusten gaituzte, dena den txapelketa orekatua dela uste dut».
OINATZ BENGOETXEA (Asegarce)
«Txapelketa interesgarria iruditzen zait; enpresen arteko partida asko ditu»
«Txapelketaren diseinua interesgarria iruditzen zait. Bikoteak orekatuak dira, eta enpresen arteko partidek ikusmin handia sortzen dute. Txapelketa luzea izango da, oso gogorra. Norbait nabarmentzekotan Aimar-Zearra eta Titin-Pascual azpimarratuko nituzke, bikote handiak baitira. Izenak, baina, ez du partidarik irabazten, edozein izan daiteke txapeldun».
JUANTXO KOKA (Asegarce)
«Lau t'erdikoan eta azken hilabetean emaniko mailari esker sartu naute»
«Duela bi hilabete binakako txapelketa jokatu behar nuela esan balidate ez nuen sinetsiko. Lau t'erdikoan eta azken hilabetean emaniko mailari esker sartu naute txapelketan. 2003an txapeldun izan ostean ez negoen sasoiko eta horregatik ez ninduten 2004ko txapelketan sartu. Aurten, berriz, ondo nago eta lorturiko joko mailak saria jaso du».
IÑAKI OTXANDORENA (Asegarce)
«Hasierako ligaxka ondo datorkit, eskua zaildu eta erritmoa berreskuratzeko»
«Aspaldi honetan kailuarekin nahiko justu nebilenez gelditzea erabaki nuen, txapelketara ondo iristeko. Horri esker txapelketari arazorik gabe ekingo diot, eta inor kanporatzen ez duen ligaxka ondo datorkit apurka apurka eskua zaildu eta txapelketako erritmoa hartu ahal izateko. Txapelketa parekatua da, nik ez nuke inor nabarmenduko».